XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Elkarteen Elkarte (Koordinakunde, Federazio, Konfederazio, Topagune...).

Euskarak aurrera egiteko behar dituen mila aspekturi bultza egiteko sortu dira horrela. Beren lan esparru eta eraketa modua ezberdinak izanagatik, badituzte elkartzen dituzten ezaugarri komunak ere:

- Gizarte ekimenak sortutako erakundeak dira

- Euskararen biziaren alde sortu ziren; euskararen normalkuntzaren alde

- Diru arazo larriak dituzte, orohar, irauteko eta hazteko arazoak.

- Bakoitza itota dabil bere esparrutxoaren defentsan, eszeptikoa da elkarguneen aurrean eta beldurra dio administrazioaren erreakzioari.

Euskararen gizarte erakunde horiek ildo anitz landu eta errealitate emankor ugari gauzatu dute euskalgintzan. Talde eta erakundeon lanak ahalbidetu du gerraosteko euskararen susperraldia. Zertan esanik ez dago, bada, erakunde horiexek eta euron lorpenak direla etorkizunean hezurmami daitekeen edozein egitasmoren abiapuntu.

Aitortu beharra dago, hala ere, euskararen kinka honetan ez dela nahikoa erakunde bakoitza bere alorrean saiatzearekin.

Gogoeta txostenean aipatu bezala, ildo emankorrak gehiago sakondu eta hustiatu, ildo makalak indarberritu eta ildo berriak irekitzea legoke, guztia barne hartuko duen Plangintza Orokorra galdatuz. Horretarako ezinbesteko da gizarte erakundeen euren arteko artikulazioa.

Miramar Jauregiko bileretan, abiapuntu nagusietakoa zera izan zen: gizarteko sektorerik desartikulatuenetakoa garen kontzientzia. Euskararen gizarte erakundeena ez da gizarte sektore bat gehiago bakarrik, gure hizkuntz komunitatearen birika baizik.

7.2 Artikulazioaz

Desartikulazio honen inguruan ikuspuntu bat baino gehiago sortu ohi da. Artikulazioa planteatzen den bakoitzean onurak azpimarratzen dituzte batzuek, eta, arriskuak besteek.